2007/01/31



KORRIKA 15en MANIFESTUA

Gainera jakingo duzunez aurten Korrikak euskal emakumea omenduko du gure hizkuntzaren transmisioan izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi dituelako.

Korrika 15ek milaka sinadura jaso nahi ditu, garai ezberdin eta zailetan gure hizkuntza etxean gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi duten emakume ezagun zein ezezagunen lana aitortzeko eta etorkizunean haien lanari eusteko konpromisoa hartzen dugula adierazteko.

Horregatik jotzen dugu zuregana, hain zuzen ere, zeure sinadurarekin atxikimendua adierazteaz gain, zeure inguruan ekimen honen berri ahalik eta gehien zabal dezazun eskatzeko. Euskarak aurrera egingo badu, gaur egungo emakumeoi dagokigulako lekukoa hartzea, geure hizkuntzaren berreskurapena eta iraupena bermatzeko.

Manifestua sinatu

2007/01/25

SMS bero-beroen II.lehiaketa


Enkarterriko Mankomunitateko eta Balmasedako Udaleko Euskara Zerbitzuek SMS bero-beroen II. Lehiaketa antolatu dute datorren otsailaren 1 eta 7a bitartean. 688613992 telefonora bidali beharko dira mezuak epe horretan, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
Euskarazkoa izango da
Gehienez 160 karakterekoa
Ez da irudirik onartuko

Aldi berean, mezuaren adierazkortasuna eta umore ona hartuko dira kontuan. 688613992 telefonoan epe barruan jasotako mezu guztien arteko irabazleak MP4 irakurgailua eskuratuko du, eta sari gehiago ere egongo da gainerako parte hartzaileentzat.

Otsailaren 14an, San Balendin egunean egingo da sari banaketa Balmasedako Kultur Etxeko Areto Nagusian iluntzeko 19:00etan, Kepa Gallego aktore ezagunak eta Enkarterriko gazte talde batek aurkeztuko dute eta bertara hurbiltzen diren guztientzat sorpresak egongo dira.

2007/01/18

Proposamenak egin…

Ez dela nahikoa? Badakigu. Zer bururatzen zaizu zuri? ziur aski ideia asko izango dituzu buruan; irteerak, kontzertuak, lehiaketak, ikastaroak…
kontaguzu zure proposamenak!!

2007/01/16

URTARRILA

ADI EGON!

Badator SMS bero-beroen II. lehiaketa!! Aurten Enkarterri mailan izango da, adin guztietarako.
SMS-hizkera menperatzen duzu? Zerbait esan nahi diozu zure bihotzeko azukre kozkorrari?
Ateraiozu sua zure sakelakoari!!
Entrenatzeko, urtarrilaren 26an 18:00etan, SMS tailerra izango dugu Balmasedako Gaztetxokoan, opariak eta sorpresak egongo dira, anima zaitez!!

LUMA IZOZTUA BEROTU!


Idazketaz gozatzeko saioak: Yolanda Arrieta eta Julen Gabiria, idazleek sormen prozesuan sortzen den blokeoari aurre egiten erakutsiko digute, idazketa metodo berri bat praktikan jarriz.
Data: Urtarrilaren 15etik otsailaren 12ra
Lekua: 11:00-12:30 Udal euskaltegian eta 19:00-21:00 AEKn
Informazioa: Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan 94 6671851

2007/01/12

EUSKARAZ LIGATU!

Gazte hizkera lantzeko tailerra; haserretu, adarra jo edo ligatu ere euskaraz egin daiteke. Lagunarteko hizkeraren trimimailuak ikasteko ikastaroa. 13-16 urteko gaztetxoei begira.
Data: Urtarrilak 24, 25, 26
Lekua: Balmasedako Zubizaharra ikastola


Letren Leihotik
Literatura, euskara eta jolasa bateratzen dituen egitasmoa da. Honen barruan, Mattin ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak burututako egutegi olgetariak aurkitzen ditugu.

GURASO ETA IRAKASLEENTZAKO MINTEGIAK
Programa: Azterketa literarioa, dramatizazioa, irakurketa ozena eta idazketa sortzailea. (euskaraz eta gaztelaniaz)
Mintegiak 2007an zehar izango dira, izena ikastetxeetan eman behar da.
Informazioa: Balmasedako Euskara zerbitzuan, 946 800 000 (Josune)

BERBALAGUN TALDEAK

Berbataldeak 07-08


BubbleShare: Share photos - Find great Clip Art Images.



Astelehena
16:30ean, (Balmaseda)

Martitzena
20:00etan, Zuretxe taberna (Zalla)

Eguena
20:00etan, Gurea taberna (Sodupe)

Barikua
18:30ean, La Cabaña taberna (Balmaseda)
19:00etan, Zuretxe (Zalla)
19:30ean (Balmaseda)
21:00etan (Zalla)
22:00etan (Sodupe)

Domeka
19:00etan, Inhar taberna (Sopuerta)


Izena emateko:
Talde hauetan parte hartu nahi baduzu edo beste talde berri bat sortu:
1- Deitu telefono honetara: 94 667 03 12
2- Mezu bat bidali: enkarterri@aek.org
3- Galdetu euskaltegian!!

2007/01/10

1- CSI Zaratamo

Hura ustekabea izan genuena urrian! Hilketa bat zela medio, hara non agertu zitzaizkigun CSI Zaratamokoak, ai ene! zenbat galdera eta zenbat froga, hiltzailea aurkitu behar zutela eta ez zirela hemendik joango egi osoa aurkitu arte.
Guk ez genuen ezer ulertzen, hilketa bat Enkarterrin, eta gu enteratu ez!!
Han eman genuen arratsaldea, zintzo-zintzo aulkitik mugitu gabe, haiek susmagarri guztiei galdeketa egiten zieten bitartean; Non egon zinen atzo gauean? Norekin? Lekukorik al duzu? Zoratzekoa zen!!


Gauzak ez zeuden batere argi, are gutxiago biktima pertsona bat ez zela izan azaldu zigutenean. Nor edo zer ote zen? Eskerrak CSIkoak oso profesionalak zirela eta dena argitu ziguten. Biktima hizkuntza bat zen, euskara bera. Denon artean hiltzen ari ginen gure hizkuntza.


Horregatik hartu genuen erabaki bat, guk ez genuen hilketa horren errudunak izan nahi, ez genuen gure hizkuntza hiltzen utziko, handik aurrera euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu genuen, beraz mingaina askatzeko unea heldu zen!!

2- Berbalagun festa 06-10-26

Eta zein izango zen mingaina askatzeko unerik egokiena, festa bat baino! Hortaz, Balmasedara abiatu ginen eta gurekin musika, euskara eta ondo pasatzeko gogoa eraman genituen.
Giro ederra, benetan! Denetarik izan genuen, kale antzerkia, bertso fanfarre eta kalejira, txorizo-jana txosnetan eta euskara barraz barra!!
Ez badidazue sinesten begira, begira argazkiei:

This album is powered by BubbleShare - Add to my blog

Berbalagun festa 06-06-16

This album is powered by BubbleShare - Add to my blog

2007/01/09

3- kontzertuak

Kepa Junkera


Azaroaren 11an Kepa Junkera izan genuen Zallan, “Hiri” bere disko berria aurkezten. Azken disko honetan hiriko sentsazio, irudi eta ametsen berri ematen digu. Hori dela eta, hainbat abestiren izenak munduko hirien izena darama, Kiruna, Agadir, Kokkola... poesiaz beteriko herriak.
Folk eta mestizajea dira nagusiak disko honetan, disko urbano, kosmopolita eta multietnikoa.
Informazio gehiago...

Rafa Rueda eta Anari
Azaroan 24an Balmasedara euskal musikaren bi ahots berezi etorri zitzaigun; Rafa Rueda eta Anari.

Rafa Ruedak, TT L.T. taldeko partaideak, aurkeztu zigun bere bakarkako bigarren diskoa Saredun eskua, 2006ko udaberrian kaleratuta. Abeslari sendoa, gitarra-jole bikaina, maila handiko musikari taldeaz lagunduta.



Anariren ahots goibel eta bakartiaz gozatzeko aukera izan genuen. Zebra, bere azken diskoan, jasotako abestiak eskaini zizkigun, soinu elektriko, lehor eta argiak.

4- Hitzaldiak eta erakusketak

Athletik-en jokalarien hitzaldia

Urriaren 11n Luis Prieto athletik-eko atzelaria etorri zitzaigun bisitan, Gurutzetako futbolaria Athletiken egoerari buruz hitz egin zigun; denboraldi honetan izandako arazoaz, harrobiaren garrantziaz, eta jakina betiko eztabaida sortu zen, atzerritarrak athletik-en?

Betiereko emakume eternala

Azaroaren 20tik 25era izan genuen Zallan erakusketa hau ikusteko aukera. Izenburuak berak adierazten duenez, emakumea izan zen protagonista; emakumeen argazkiak, emakumeei buruzko istorioak, eta mezu bat eskaintzeko: emakumearen iraultza ez da odolik gabeko iraultza. (Josemi Vidales, argazkilaria, eta Mikel Alvira, idazlea)


Zetaren bidea


Abenduaren 19an etorri zitzaigun Mikel Arrendondo, abenturazale eta bidaiaria, bere bidaia baten berri emateko; zetaren bidea.
Zetaren bidea Asia eta Europa arteko merkataritza sarea zen, Txina eta Turkia lotzen zuena. Chang’anetik (gaur egungo Xian) abiatuta Konstantinoplaraino (Istanbul) heltzen zen. Trukatzen ziren merkantzien artean, zeta ospetsu eta garestiena zen, eta bere ekoizpena sekretua, txinatarrek soilik ezagutzen zuten sekretua.

5-Zinema eta antzerkia

Kutsidazu bidea Ixabel




Joxean Sagastizabalen liburuan oinarrituta, filmak euskaldun berri batek “benetako” euskara ikasteko dituen arazoen berri ematen digu. Juan Martin, Donostiako gazte bat euskaltegian euskara ikasi ondoren Gipuzkoako herri txiki bateko baserri batera joaten da euskara ikastera. Han, nekazal giroan murgildurik, euskara ikasteaz gain maitasuna aurkituko du.



Nomadak TX



Abenduaren 3an, euskararen eguna ospatzeko, izan genuen Zallan Nomadak TX filma ikusteko aukera.
Igor Otxoak eta Harkaitz Martinezek, Oreka tx txalapartari-bikoteak, munduko herri desberdinetara egindako bidaia kontatzen digute filma honetan. Asko izan dira bisitatutako lekuak; Mombai eta adibasi herria (Indian); Ipar Polo aldean samiak; Magreben bereberrak; Tindufeko errefuxiatu-gunean saharauiak; Mongolian zenbait nomada-herri. Hango kultura ezagutu eta bertako musikariekin batera jotzen dute, txalaparta protagonista bihurtzen delarik.

Txalaparta musika-tresna berezia da. Bi lagunen artean jotzen da, eta topaldi horretatik sortzen den musika ez da biotako inorena, elkarren arteko elkarrizketa eta topaketarena baizik. Txalaparta musika-tresna baino gehiago bihurtzen da: komunikazio tresna da.

Artea

Abenduaren 1ean Artea obra antzeztu zen Balmasedako Klaret Antzokian. Asier Hormaza, Joseba Apaolaza eta Ramon Agirrek antzeztua, hiru lagunen arteko harremanaz jarduten da. Hasieran arte modernoari buruzko eztabaida zena, adiskidetasunari buruzko eztabaida bihurtzen da.

6-Irteerak

Euskara eta kirola etsaiak ez direla erakusteko asmotan abiatu ginen, azaroaren 25ean, Kolitza mendira, euria eta hotza desafiatuz ekin genion deiadar mendi hau igotzeari.



Mendi tontorrera heltzean Enkarterriko paisaia zoragarriaz gozatu ahal izan genuen, orduan ahaztu zitzaigun igoerako nekea.



Hamaiketakoa egin eta gero taldeko argazkia atera genuen lagunei erakusteko eta Balmasedarantz abiatu ginen berriro.


Zortea izan genuen, egun zoragarria izan zen eta!!

This album is powered by BubbleShare - Add to my blog

7- Euskararen eguna

Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehenengo aldiz, Eusko Ikaskuntzak sortutakoa. Erakunde hau 1918an jaio zen, euskal kulturaren sustapena eta iraupena ziurtatzeko helburuarekin.
1995ean egindako Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak Euskararen Egunak berrindartzea proposatu zuen, eta Diasporako euskaldunentzat hain garrantzitsua zen eguna ofizial izendatzea. Horrela, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak ongi iritzi eta abenduaren 3a, Euskararen Egun ofizial izendatu zuten.


Geuk ere, ez genuen egun hau ospatzeko aukera galdu, alde batetik abenduaren 3an Nomadak TX filma izan genuen Zallako Zine Antzokian eta bestaldetik azaroaren 30ean Peio Añorga, ipuin kontalaria, egon zen gure artean, istorioak, ametsak eta irribarreak banatzen.