2008/04/25

Zazpi urtean kezka areagotuz


Zazpigarrenez Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko diagnosiaren argazkia egin eta argazki horretan oinarritutako ondorioak atera ditu. "Zazpi urtean kezka areagotuz" esaldiarekin laburbildu ditu Behatokiko zuzendaria den Paul Bilbaok urteko txostenaren ondorioak.

Zazpi urteotan herritarrek jakinarazi diote Behatokiari hizkuntza-eskubideen egoera "euskararen telefonoa"ren bidez (http://www.euskararentelefonoa.com/ eta 902 194 332). Behatokiak herritarron kexak, zorionak edo galderak jasotzen ditu eta urteko diagnosia egiten du. Atzo (2008-4-24) Iruñean 2007ko txostenaren edukia aurkeztu zuen.
Halere, hori nahikoa ez dela azaldu dute: "Herritarrek erakusten duten kontzientzia aktiboagoak isla zuzena izan beharko luke erakundeek zein administrazioek eskubideen bermatzeko abian jartzen dituzten mekanismoetan". Horren harira, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak prestatutako Euskaraz bai adierazpenak Behatokiaren diagnosiak bete-betean berresten du. Adierazpen horretan euskararen egoeraren balorazioa egin du euskalgintzak: "Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak. Euskal Herriko hainbat eremutan, euskaraz bizitzeko aukera dagoenean, euskaldunak ahalegin gehigarria egin behar du hori lortzeko ohiko funtzionamendua, lehenetsitakoa, erdaraz garatzen delako".
Progresibotasun-eza eta milaka urraketa
Behatokiak kezka handiz argitaratu du 2007ko urteko txostena, bi elementuk eragindako kezkaz hain zuzen ere: progresibotasun-eza eta milaka urraketa izatea.
Progresibotasun-eza: Eskubide-urraketa batzuk urterik urte errepikatu egiten dira. Administrazioek "progresibotasunaren" edota "arian-arian" bezalako aitzakien bidez eskubideen urraketen betikotzea eragiten dute, 2001ean jasotako kexak kudeatu behar izan baitira 2007an.
Milaka urraketa: Behatokiak ez dio erreparatzen ikuspegi kuantitatiboari kexen irakurketa egiteko. Halere, urterik urte eskubideen urraketen kopuruak gora egitea hausnarketarako elementua da. Euskara erabili, hizkuntza-eskubidea baliatu nahi eta ezin izan duten milaka espedienteren kasuistika kudeatu du.
Urteko txostenaren arabera, berriro ere administrazio guztiek urratzen dituzte hizkuntza-eskubideak.
Frantziako Estatua
Aitortza juridikorik ezak herritarrak babesgabe uzteaz gain, frantsesaren derrigorrezko erabilera justifikatzeko arrazoi bihurtu dute Administrazioek.
Espainiako Estatua
Espainiako Estatuko Administrazioak gaztelania hutsean lan egiten jarraitu izan du 2007an. Urteko kexak baliatuz Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berretsitakoan hartu zituen konpromisoak ez direla bete egiaztatu ahal izan du Behatokiak Europako Kontseiluko Adituen aurrean.
Nafarroako Gobernua
Dekretu murriztaileek eskubideen aitortzarako agertzen zituzten zirrikituak ere modu sistematikoan urratu dira.
Euskara bidezko hezkuntzaren garapena gelditzeko ingeles bidezko murgiltze-programak jarri dituzte abian.
Osansungintza
Osakidetzan oso agerian geratu da progresibitatea hain epe luze eta mugagabetan zehazteak ondorio zuzenak dituela eskubideen urraketan.
Osasunbidean eremu ez-euskalduneko herritar bihurtu dituzte nafar guztiak
Herrizaingoa
Autonomia Erkidegoetako Herrizaingo zein Barne sailetan ez dituzte aukerak baliatu hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismoak abian jartzeko:
Ertzaintzaren lan-deialdietan bigarren hizkuntza-eskakizunik ez da ezarri oraindik, eta 1. Hizkuntza-Eskakizuna egiaztatzen ez duten langileak kontratatu dira.
Foruzainen lan-deialdiko lanpostu batean ere ez da derrigorrezkoa izan euskararen ezagutza.
Justizia
2007ko diagnosiak inoiz baino ageriago jartzen du justiziaren eremuan gertatzen diren eskubide-urraketak, eta euskaraz jardun nahi duten herritarrekiko bereizkeria. Are gehiago, gaztelania jakiteko derrigortasuna behin baino gehiagotan baliatu izan dute, beste urte batez, herritarren eskubideak urratzeko.
Euskara erabili nahi izatea oztopoa izateko aukera zabalik utzi dute Justiziako arduradunek.
Eremu sozioekonomikoa
Iaz egindako diagnosiaren ondorioak iraultzeko neurririk ez dute hartu administrazioek:
Ipar Euskal Herrian kontsumitzaile euskaldunei ez zaie eskubiderik aitortu.
Nafarroa osoa eremu ez-euskaldun bihurtu dute kontsumitzaile euskaldunentzat.
EAEko Kontsumitzaileen Legea garatzeko dekretuak ez dituzte abian jarri.

No comments: