2015/04/21

Irakurri, gozatu eta oparitu


       Apirilaren 23an Balmasedako Udalak irakurzaletasuna bultzatzeko "Irakurri, gozatu eta oparitu" kanpaina abian jarriko du. 

       Balmasedako liburutegian euskarazko liburu bat hartu eta irakurri ondoren, bueltatzean, fitxa bat bete ahalko duzu liburuaren inguruko galdera batzuekin. Liburutegiko arduradunak txartela jasotzean erosketa txeke bat emango dizu herriko Maruri liburudendan euskarazko liburuetan deskontuak eskuratu ahal izateko. Irakurleak 10 urtetik beherakoa bada haur literatura erosteko %25eko deskontua izango du, eta 10 urtetik gorakoa bada euskal literaturan.  Irakurzalea izateaz gain, berbalaguna baldin bazara %50eko deskontua jasoko duzu erosketa egiterakoan. Kanpaina hau ekainaren 30ean amaituko da eta txekea uztailaren 6ra arte erabili ahalko da. Honez gain, parte hartzen duzuen guztien artean, maiatzaren eta ekainaren bukaeran 30 euroko erosketa txeke baten zozketa egingo da, aurrekoen modu berean erabiltzeko.

       Liburu bakoitzeko txeke bat erabili ahalko da, hau da, ezin izango dira metatu erosketa bakarrerako. Erosketa txekeak ezingo dira erabili gramatika liburuak, hiztegiak, entziklopediak, eskolako liburuak…erosteko.

IRAKURZALETASUNAZ GOZATU ETA DESKONTUAK ESKURATU!

2015/04/17

Mendi irteera


       Datorren larunbatean, apirilak 25, berbalagunok naturaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu. Zallako plazatik Ubieta mendirantz abiatuko gara Euskara gailurreraino eramateko asmoz. Horretarako, goizeko 9:00etan Zallako plazan bilduko gara eta handik bideari ekingo diogu.

ANIMATU ETA LAGUN IEZAGUZU EUSKARA GORAINO EROATEN!!!

2015/04/13

Zein da Enkarterriko zure txokorik gogokoena?


Nork ez du maite bere herria? Harrotasunez “Enkarterrikoa naiz” esaten dugunok asko gara. Herri guztiak dira ezberdinak eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ez da gauza bera barnealdekoa, kostaldekoa, hiria, herria,...

Lekuak bertokoen nortasunean eragiten du. Hau dela eta, zure Enkarterriko txokorik gogokoena zein den jakin nahiko genuke. Horretarako leku honen argazkia eta zergatik gustuko duzun labur azaldu behar duzu.

Zein da helburua? Enkarterriko txoko politenak ezagutaraztea eta ezagutzea. Argazkiak gure blogean ikusgai egongo dira eta gogokoena bozkatu ahal izango duzue.

Bozka gehien jasoko duena izango al da irabazlea? Ez, blogean jasotako bozkek bozka bakarra ordezkatuko dute. Udal euskaltegia, AEK eta Euskara Zerbitzuak ere epaimahian arituko dira.

Animatu eta parte hartu!

Argazkiak bidaltzeko epea: Apirilak 7 -27
Bidaltzeko modua: enkarterri@aek.org