2016/05/30

Zallako mintzodromoa, berriro arrakastatsua!!!








       Pasa den ostegunean, maiatzak 26, Zallako pilotalekua mintzaleku bihurtu genuen Enkarterriko berbalgunok. Oso giro atseginean, 40 lagun inguru eztabaidan aritu ginen bertan proposatutako gai batzuei buruz. Ideia ezberdinak trukatzen eta jende ezberdinarekin hizkuntza berberean mintzatzen igaro genuen arratsaldea. Euskaraz oso tarte polita pasatzeko aukera izan genuen eta datorren urtean errepikatzeko prest amaitutzat eman genuen saioa.

ESKERRIK ASKO ZUEN PARTE HARTZEAGATIK.
GORA ZUEK!!!

2016/05/24

Udan ere, berbataldeak martxan!


       Uda ate joka daukagu eta honekin batera oporrez eta aisialdiaz disfrutatzeko unea heldu da. Berbalagun egitasmoak zure aisialdiaren zati bat izan nahi du uda honetan, eta igerilekuetan, terrazetan, mendian edota herriko jaietan euskaraz jarduteko aukera eman nahi dizu Enkarterrin sortuko diren udako berbataldeetan parte hartuz. Hori dela eta, urtean zehar berbatalde batean egon bazara edo denbora ezagatik berbalagunean aritu ezin izan bazara, udan ere #lotsarikgabe, praktikatu gurekin! 
 
Izena emateko: enkarterri@aek.eus edo 671 070 044 (Ekainaren 13a arte)

2016/05/17

Irakurle kluba.


       Maiatzaren 24ean, asteartea, ikasturteko azken irakurle kluba egingo dugu Zallako Liburutegian. Unai Elorriagaren "Londres Kartoizkoa da" liburua komentatuko dugu, arratsaldeko 18.30ean, liburutegiko aretoan. Liburua eskuratzeko liburutegira jo baino ez duzu egin behar.

ANIMATU ETA EKIN EUSKARAZ IRAKURTZEARI!!!
 
 

2016/05/16

Badator Zallako mintzodromoa!


       Urtero bezala, aurten ere, hitzordua izango dugu euskaldunok maiatzaren 26an, arratsaldeko 17:30ean, Zallako pilotalekuan egingo den mintzodromoarekin. Lagunon artean,  giro erlaxatu eta atseginean egungo gai batzuei buruz hitz egingo dugu mahai batzuen inguruan. Gainera, kafea eta pasta gozoak ere bertan egongo dira gure dastamenerako. Plan hoberik ba al da?

ANIMATU ETA #lotsarikgabe EKIN MINTZARI!!!
 
Izena emateko: Enkarterriko euskaltegietan, enkarterri@aek.org, edo 
671 070 044 tlfnoa (azken eguna maiatzaren 23a)

2016/05/13

Ibilaldirako autobusa Balmasedatik.

       Hil honen 29an, dagigun! lelopean, Ibilaldia 2016 ospatuko da Durangon.  Hori dela eta, Zubi Zaharra kastolak eta Balmasedako Udaleko Euskara Zerbitzuak autobusa jarriko dute Bizkaiko ikastolen jai honetara hurbiltzeko. Autobusa 9:30ean aterako da Balmasedatik eta arratsaldeko 20:00etarako bueltan egongo da berriro. Izena emateko Zubi Zaharra ikastolatik pasatu baino ez duzu egin behar maiatzaren 23a baino lehen. Prezioa: 4€.

ANIMATU ETA EMAN IZENA AHALIK ETA LASTERREN,
PLAZAK MUGATUAK DIRA ETA!

Bertso jaialdia Zallan.


       Hurrengo ostiralean, maiatzak 20, bertsozaleek hitzordua izango dute Zallan egingo den bertso jaialdian. Bertan, Etxahun Lekue, Julio Soto, Ander Elortegi, Oihana Bartra eta Beñat Amezaga zallatarra bertsotan arituko dira  Jon Martinezek jarritako gaiei buruz. Bertsolaritza gustuko baduzu eta momentu dibertigarriak pasatu nahi badituzu, ezin izango duzu parada galdu. Zine-antzokian, arratsaldeko 20:00etan. Prezioa: 3€.

HURBIL ZAITEZ 
ETA GOZATU BERTSOEZ!

2016/05/12

"Eskulanak familian" tailerra Sodupen. Kronika








       Asteartean "Eskulanak familian" tailerra egin genuen Sodupen. Bertan, umeak eta gurasoak euskaraz aritu ziren, hozkailuan oharrak uzteko oso iman politak egiten zituzten bitartean.  Eguzkia, ortzadarra, pailazoak, loreak, animalien aurpegiak, lumak, etab. izan ziren imanak apaintzeko marrazkirik aukeratuenak. Familian tarte polita igaro ostean, bai txikiak bai handiak poz-pozik abiatu ziren etxera bere hozkailurako apaingarriekin.

ESKERRIK ASKO MACARENARI ETA 
TAILERREAN PARTE HARTU ZENUTEN GUZTIOI!!!

2016/05/11

Karrantzako bertso afaria. Kronika.










      Pasa den larunbatean, maiatzak 7, bertso afari ederraz gozatzeko aukera izan genuen Karrantzan hango berbalagunei esker. Arratsaldetik euskara eta euskal musikaren doinuak nagusi izan ziren Ambasaguas auzoan. Bertan, Roberto eta Miren musikariek  lagunduta giro euskaldunean murgildu ginen egin genuen trikipoteoan. Egarria asetu ondoren, Casa Felisa jatetxera abiatu ginen. Hor, afari ederraz gozatu ostean, Jone Uria eta Ander Elortegi bertsolariak Ekaitzek proposatutako gaiez aritu ziren bertsotan. Gau mundiala aurreko egunean Karrantzan bizi izan genuena!

ESKERRIK ASKO MIRENI, ROBERTORI, JONERI, ANDERRI, ETA BATEZ ERE, HAU GUZTIA AURRERA ERAMAN DUTEN GUZTIEI, KARRANTZAKO BERBALAGUNEI!!!

2016/05/05

Bizkaiko bertsolari txapelketaren VI. kanporaketa.


       Bertsolaritza gustuko baduzu, zapatu honetan, maiatzak 7, bertsoez gozatzeko parada ederra izango duzu Sodupen egingo den Bizkaiko bertsolari txapelketaren kanporaketan. Bertan Axier Goñi, Eneko Arrate, Jon Larrabide, Josu Landeta, Peio Arondo eta Txaber Ormazabal bertsolariak lehian arituko dira hurrengo fasera sailkatu nahian. Sodupeko kultur-etxean, arratsaldeko 17:30ean.

GOZATU BERTSOEZ,
HURBIL ZAITEZ! 




2016/05/04

"Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketaren sari banaketa.



       Aurreko egunean Galdameseko berbalagunek "Oporretan ere #lotsarikgabe" selfie lehiaketaren saria jaso zuten.

ZORIONAK ARACELI, KARMELE, IRANTZU, TXEMA ETA DIEGORI.

ONENAK ZARETE!!!  

Mendi irteera eta indaba jana Sodupen. Kronika.










       Aurreko larunbatean, apirilak 30, berbalagunok mendiko ibilbidetxo bat egin genuen Sodupeko inguruetatik. Goiz goizean eta eguraldia lagun Sodupeko plazatik indarrez ekin genion bideari. El Grazal errekatxoren ertzetik Lexartzara heldu ginen. Hor, hamaiketakoa hartu ostean, Goikuriarako bidea hartu genuen berriro Sodupera iristeko. 

       Bueltan Sodupeko lagunek hiru putxera zituzten prestaturik mendizaleok indarrak berreskuratu ahal izateko.  Bazkari gozoa, musika, kantak, dantzak eta giro ezin hobearekin amaitutzat eman genuen egun zoragarri hau.


ESKERRIK ASKO HARA HURBILDU ZIREN GUZTIEI
ETA , BATEZ ERE, BAZKARI GOZOA PRESTATU ZUTEN LAGUNEI!

GORA ZUEK!!!

2016/05/03

Ipuin kontalaria Balmasedan.


     Ostegun honetan, maiatzak 5, "Irakurri, Gozatu, Oparitu" ekimenaren barruan, etxeko txikienek primeran pasatzeko aukera paregabea izango dute Enaitz ipuin kontalariak  eskainiko duen "Enaitz pirata ipuinen munduan" saioan. Jardueraren helburua haurren artean irakurtzearekiko interesa sustatzea da, baita familian egiteko aisialdirako jarduerak proposatzeko ideia zabaltzea ere. Gaztetxokoan, 17:30ean.

ANIMATU ETA HURBIL ZAITEZ!